You are currently browsing the category archive for the ‘Uncategorized’ category.

HTB programako Blog berri hau jaio da Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egin dituzten lanak, ahozkoak eta idatzizkoak, ikusgai jartzeko asmoz. Gure ustez, ekoizpen horiek egiaztatzen dute Hizkuntzen Trataera Bateratua Programaren proposamen didaktikoen baliagarritasuna.

2008-2009 ikasturtean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxek aukera eman ziguten, eskolako hizkuntzak modu bateratuan landurik, gure unitate didaktikoak beren ikasleengana eramateko. Ikastetxe horietako batzuekin aurreko ikasturteetan hasitako lanaren jarraipena zen; beste batzuekin, berriz, gure lehen harremanak ziren. Den-denei, bai irakasleei bai ikasleei parte hartu izana eskertu nahi diegu; izan ere, Berrikuntzarako proposamenek ez lukete inolako zentzurik izango gelako beharrizanen azterketatik sortuko ez balira, eta praktika didaktikoa hobetzen lagunduko ez balute.

Ikasleen ekoizpen horietan, besteak beste, mahai-inguruak ikusi ahal izango dituzue, hamabi urte eskaseko neska-mutilek testu-genero horri lotutako arauei primeran eusten dietelarik, komunikabideetan ikusi eta entzun ohi ditugun pertsona heldu askok ez bezala; nerabeen ahozko azalpenak, egoera horrek sorrarazten duen urduritasuna kontrolatzen eta modu argi eta ordenatuan hitz egiten; idatzizko azalpen testuak, koherentziaz, kohesioz eta zuzen idatziak; erreportajeak eta irrati-kronikak; istorio digitalak…, hau da, makina bat testu-genero.

Baina batez ere, pertsona askoren ahaleginaren emaitza topatuko duzue: duela zortzi urtetik hona Hizkuntzen Trataera Bateratua (HTB) entelekia barik ikastetxeetako eguneroko jardunean errealitate bihurtzeko irakaskuntzarako laguntza zerbitzuetan aritzen garen kideen ahaleginaren emaitza (etapako aholkulariak, arloko aholkulariak, unitate didaktikoak egin dituzten ikasketa-lizentziak…); gure proposamenak bultzatzen dituzten ikastetxeetako zuzendaritza batzordeen lanaren emaitza; eta beste ezeren gainetik, gure lanean konfiantza izan duten eta beren gogo bizia neska-mutilei transmititu dieten irakasleen lanaren emaitza.

Eskerrik asko, mila esker, esker anitz denoi! Zain gaituzue hasi berria den ikasturte honetako  unitateen esperimentazio aldiari ekiteko.